Urteberria

Urteberria

Emma Goldman

1912ko urtarrila


Enpresari kristauek Jesusen jaiotza ospatu berri dute. Mozkinak eta Jainkoaren handitasuna areagotu nahian, Salbatzailea xurgatu dute arrazoi on batekin. Erospenaren garaipen argia! Kristok bere odola eman zuen elizek eta saltegi handiek irabazi gehiago egin dezaten. Bada, jaungoiko gorenaren eskuinaldean, berak ez badu madarikatzen garaipen hau aingeruenetan aingeruenei hunkitzeko, bihotza bildotsarena bezalakoxea du.

Zorionez, ateoak gara, ez kristauak, eta inola ere ez, Salbatzailearen etsipen samingarriaren arduradunak.

Halere, Mother Earth-ek urte berrirako dituen itxaropenak ez daude ez kalkulu erlijioso ez politikoen mende. Jendearengan berpiztutako ezagueraren mende daude, alegia, etorkizun handi eta zoriontsua beren eskuetan dutenen mende; guztion askatasuna eta ongizatean oinarritutako egitura sozial berria.

Bost urteetan zehar, Mother Earth-ek bereari eutsi dio lotiari esnatu, ahulari indartu eta ausartari kemena emateko, hala izanik, datorren borroka handian aurrealdea era dezaten. Haien zereginak errazak izatetik urrun egonik; gabezia irabaziaren gainetik nabarmendu zen. Kamarada guztien laguntzaren uste osoa dugu, ia ezinezkoa baita konpromisorik gabeko argitalpen beldurgabe bat mantentzea diruzalekeria eta espekulazioa darizkion atmosfera honetan. Ez dira mobilizatu Mother Earth-i laguntza eskaintzeko, behintzat, ez batek uste lukeen heineraino. Baliteke gure aldizkariak guztion onarpena ez jasotzea, edo, hobeto esanda, kamaradek ezin ulertzea Mother Earth-ek duen kokaleku zaila, alderdi baten edo iragarki-sail baten babes eza, alegia. Edonola ere, aldizkariaren oinarrizko mantenua nire idazkietatik dator. Bestela, Mother Earth duela askotik desagertua egongo litzateke. Esan beharrik ez dago, anarkismoa ez litzake hil beharko aldizkaria eteten bada. Hala eta guztiz ere, anarkismoak ez du inoiz erakusle baten behar hain handirik izan gaur arte. Propaganda anarkistak txikikeria eta nahitaezko gaizki ulertu bat izateari utzi dio. Jendea, bere esanahi sakon eta garrantzi handiaz ohartzen ari da. Mother Earth-ek, Amerikako aldizkari anarkista bakar gisa, jarreraren aldaketa soziala gorenera arte erabili behar du jakintza eta anarkismoaren printzipioen inguruko informazioa barreiatzeko. Horixe da bere helburua, horretan datza zeregina.

Hau guztia esanda, kamarada eta lagun orori egiten diegu dei bost urteko estres eta ekaitza ausarki jasan dituen borrokalari xumearekin bat egiteko. Lehenik eta behin, harpidetza berri dezaten eskatzen diegu gure lagunei. Horixe da egin dezaketen gutxiena. The Soul of Man Under Socialism (Gizonaren arima sozialismoaren pean) saiakeraren kopia bat banatuko da harpidetzaren berritze bakoitzarekin. Are gehiago lagundu nahi duten horientzat, harpidedun gehiago bilatzen lagun gaitzakete. Hiru harpidedun berri ekartzen dituen lagun orok, Anarchism and Other Essays (Anarkismoa eta beste saiakerak) eta Conquest of Bread (Ogiaren konkista) lanen doako kopia bana jasoko du. Eskala handiago batean gure hitza zabaldu nahi duten kamaradek gure 5 zentaboko panfletoak bidali behar dituzte, 100 panfleto 3 dolarretan salgai daudelarik.

Kamaradok eta lagunok, bildu ditzagun gure eskuak urte berri honetan aurrean dugun lan handirako. Heldu da garaia. Oraina bizkor iritsiko da bere amaierara. Anabasatik at, etorkizuna harmonia eta edertasun osoz azaleratzen da.

EMMA GOLDMAN.

P.S.: Hil honen bukaeran, gure urteroko martxa abiatuko dugu arerioaren kanpalekuan. Hitzaldi sorta berri batekin hasteko asmoa dugu Pittsburgh-en, Pennsylvania. Kamaradek eta taldeek nahiago dituzten datak niri jakinarazi diezazkidatela ahal bezain laster. Helbidea: 55 W. 28th street, New York.


Iturria

Oharra: The New Year Emma Goldmanek idatzi zuen eta Mother Earth-en argitaratu zen 1912ko urtarrilean. Jabari publikoan dago gaur egun. 2024ko apirilaren 22an berrikusia. Liburutegi anarkistan irakurgai.

Aitor