Eroriko zarela

Eroriko zarela Iluntzeak laranja-gorriz margotutako zerua. Zuhaitzak alboetan daude iluntasunean.

Baneraman denbora luze Grace Slick abeslari eta musikagilearen White Rabbit (Untxi Zuria) abestiaren hitzak itzuli nahian. Erronka nahiko dibertigarria iruditzen zitzaidan. Honen egitasmoa ez da abesteko moduko itzulpen bat egitea, baizik eta, olerki gisa hartuta, esanahia itzultzea (errimak, beti ere, errespetatuz, noski). Bereziki, abestiaren alde didaktikoari garrantzia ematea gustatuko litzaidake: jakinmina edukitzearen eta bera asetzearen garrantzia, hain zuzen. Abesti honen hitzen bitartez, Grace-k irakurtzeari eta arreta jartzeari egiten die keinu; galderei edo ulertzen ez ditugun kontuei erantzun eta arrazoiak bilatzeari. Horra hor, azken bi lerroetan mezu nagusia: Feed your head (Elikatu zeure burua). Bai, horixe!

Irati Jimenezek idatzitako iritzi-artikuluan zera oso ondo azaltzen du; errealismo literatur-generoari, gaur egun, hain goretsitakoari, aizkorakadaz zein labankadaz josten du bertan eginiko kritika. Oi, irakurtzea bidaiatzea bada, zergatik baloratzen ote ditugu soilik liburu errealistak? Logikatik ateratzen den oro, haurrentzako soilik aproposa balitz bezala kontsideratzen denak, ez al du ere bere lekua literatura errealistak duen bezala? Gaur egun, logikotzat jotzen ez den hori, baztertzera edo seriotasun ezarekin baloratzera ohituta gaude. Alice neskatoa, bera bakar-bakarrik moldatu behar izan zen Lurralde Miresgarrian jazotzen ziren gertaera arraro zein beldurgarrien barrenetan. Printze urdinik gabe. Bera eta bere burua soilik. Bihotzetako Erregin baten buruak mozteko zaletasunaren aurka, edo animali guztiak bere aurka jartzen direnean, besteak beste.

Ez al dauka honek gaur egun oraindik zeresana? Kontu ilogiko hauek ez al dute beren kutsu logikoa edo gaur egungo errealitatearekin zerikusia? Txikia bada ere... Ez al dugu jada honetatik zeozer ikasteko? Horretatik elikatzeko? Askotan, baztertu edo uko egin ordez, beste ikuspuntu batetik aztertzea interesgarria izan daiteke. Jakinminak ez du mugarik! Tira, ba, hobe irakurtzea, orduan! (naturari noizbait logika aurkitzen diogun bitartean, bederen)

Pilula batek handiago egiten zaitu

Eta beste pilulak txikiago

Eta zure amak ematen dizunak

Ezer baino gutxiago

Galde Aliceri

Bi metro zenean altuago

Eta baldin bazoaz untxien bila

Eta eroriko zarela badakizula

Esaiezu beldar pipa-erretzaileak

Deia eman dizula

Gogoratu Alice

Gorputza txikia zu(e)la

Xake-taulako gizonak

Altxatu eta nora joan esaten dizutela

Eta perretxiko mota bat jan baduzu

Eta zure burua mantso mugitzen dela

Galde Aliceri

Uste dut jakingo duela

Logika eta proportzioak

Narras hilik erorita dituzula

Eta Zaldun Zuria alderantziz hizketan dabilela

Eta Bihotzetako Erreginak “Moz diezaiotela burua!”

Gogoan izan Muxarrak zioena

Elikatu zeure burua

Elikatu zeure burua

Jatorrizkoa:

One pill makes you larger

And one pill makes you small

And the ones that mother gives you

Don't do anything at all

Go ask Alice

When she's ten feet tall

And if you go chasing rabbits

And you know you're going to fall

Tell 'em a hookah smoking caterpillar

Has given you the call

(Re)call Alice

When she was just small

When the men on the chessboard

Get up and tell you where to go

And you've just had some kind of mushroom

And your mind is moving low

Go ask Alice

I think she'll know

When logic and proportion

Have fallen sloppy dead

And the White Knight is talking backwards

And the Red Queen's off with her head

Remember what the Dormouse said

Feed your head

Feed your head

Oharra: Bigarren bersoaren amaieran, azken aurreko lerroa, hainbat eratara transkribatuta ikusi dut. Nire aburuz, “Recall Alice...” dio Grace-k, (Gogoratu Alice...). Askotan “He called Alice...” bezala idatzita dago, baina, uste dut, beste bertsoetako formari jarraituz, “Alice gogoratzeko” agindua ematen duela, eta horrela itzuli dut. 2024ko apirilaren 30ean berrikusia.

Aitor