Durruti hilik, oraino bizirik
Durruti hilik, oraino bizirik
Emma Goldman
1936
Durruti, zeina duela hilabete baino ez bainuen ikusi, bizia galdu zuen Madrilgo kale-borroketan.
Mugimendu anarkista eta iraultzailearen petrel iskanbilatsu honi buruz nekiena berari buruz irakurritakoa nuena besterik ez zen. Bartzelonara iritsi nintzenean, Durruti eta bere zutabearen egundoko istorioak entzun nituen. Aragoiko frontera joateko gogo bizia piztu zidaten, non bertan, milizia ausart eta kementsuen buruzagi espiritual gisa, faxismoaren aurka borrokan ihardu zuen.
Arratsalde parean ailegatu nintzen Durrutiren egoitzara, neka-neka eginik, bide zakar batean egindako bidai luzearen ondoren. Durrutirekin igarotako uneak tonika bezalakoak ziren, freskagarriak eta sendoak. Ahaltsua gorputzez, Montserrateko harkaitzetatik zizelkatua izan balitz bezala, Espainiara iritsi bezain laster jakin nuen anarkisten arteko pertsonaia indartsuena zela. Bere energia izugarriak suspertu ninduen, bere artean zegoen edozeini gertatzen zitzaion bezalaxe.
Benetako erlauntza bateko jardueretan aurkitu nuen Durruti, gizonak sartu eta atera, telefonoa Durrutiri etengabe deika. Gainera, Durrutiren lagunentzako egurrezko gordeleku bat eraikitzen ari ziren langileen mailukada zaratatsuak. Zalaparta eta dei guztien erdian, Durruti lasai eta patxadaz zegoen. Betiko laguna banintz bezala hartu ninduen. Nekez espero nuen faxismoaren aurkako hil ala biziko borrokan nahasita zebilen gizon batetik halako xarma eta berotasuna jasotzea.
Bere izena zeraman zutabearen gainean Durrutik zuen nagusitasunaren inguruko hamaika kontu entzun nituen. Eragin militarraz gain, esperientzia eta trebakuntza militarrik gabeko 10.000 boluntario nolatan bildu ote zituen jakin nahi nuen. Durruti harrituta geratu zen; nolatan egin nezakeen, nik, anarkista zahar batek, halako galderarik.
“Betidanik izan naiz anarkista,” erantzun zuen, “eta hala izaten jarraitu izana espero dut. Jakina, jeneral bat bihurtuko banintz eta gizonak diziplina militarrarekin gidatuko banitu, negargarritzat joko nuke. Borondate osoz etorri dira nigana, beren bizitzak borroka antifaxistan jokoan jartzeko prest daude. Beti egin dudan legez, askatasunean sinisten dut. Ardurapean jesartzen den askatasunean. Diziplina ezinbestekoa dirudit, baina barne-diziplina izan behar du, arrazoi jakin batek eta lagunkidetasunaren sentimendu indartsu batek bultzatutakoa.” Gizonen uste osoa eta estimua lortu zuen, ez baitzuen inoiz besteenganako gaineko jarrerarik. Beraietako bat zen. Beraien antzera jan eta lo egiten zuen. Askotan, berak baino behar handiago zuen ahul edo gaixo zegoen bati bere apurrak ematen zizkion. Baita ere, borroka guztietako beldurra elkarrekin partekatzen zuten. Huraxe zen, zalantzarik gabe, Durrutik bere zutabearekin zuen arrakastaren sekretua. Bere jarraibide guztiak betetzeaz gain, prest baino prestuago zeuden burkideak Durrutiri arriskuetan jarraitzeko, faxisten eretzeari aurka egiteko.
Durrutik hurrengo goizerako prestaturiko erasoaren bezperan iritsi nintzen. Egunsentian, Durrutik, fusila sorbalda gainean zeramala, miliziako besteen antzera, bidea zuzendu zuen. Beraiekin batera, arerioari lau kilometro atzera eginarazi zion, baita faxistek ihesaldian utzitako arma kopuru esanguratsu bat bereganatu ere.
Berdintasun sinplearen adibide morala zen, hain zuzen, Durrutik zuen eraginaren azalpena. Bazegoen beste bat, miliziako kideei gerra antifaxistaren esanahi sakonagoaz ohartaraztearena. Bere bizian zehar menderatu zuen esanahia, eta txiroenei eta azpigaratutakoenei bere ideiak adierazten ikasi zuen.
Gizonak frontean gehien behar ziren uneetan eszedentzia eskatzearen inguruan zuen ikuspuntua azaldu zidan. Begi-bistakoa zen gizonek beren liderra ezagutzen zutela, haren kemena ezagutzen zutela, haren burdinak bai. Ordea, bazekiten ere, bere gainazal soilean ezkutatutako begikotasun eta adeitasuna. Nolatan ezetz esan gizonek etxean gaixoak dituztela esatean; gurasoak, emaztea edo haurrak?
Durrutik jazarri zuen 1936ko uztaileko egun loriatsuak arte, herrialdez herrialde, basapizti moduan. Azken egunetan, kriminal gisa espetxeratua. Hiltzera zigortua. Bera, anarkista gorrotatua, hirutasun maltzurrak, burgesiak, estatuak eta elizak gorrotatua. Sentitzeko gai ez den etxerik gabeko arlote hauxe, kapitalista txerri guztiek aldarrikatu zuten eran. Aski gutxi ezagutzen zuten Durruti. Aski gutxi ulertu zuten bere bihotz maitekorra. Ez zuen inoiz jarrera epelik lagunen beharren aurrean. Orain, halere, faxismoarekin zuen itxaropenik gabeko borrokan murgilduta zebilen, Iraultzaren defentsan, eta gizon oro falta zen bere lekuan. Jasateko benetako egoera zaila. Baina, Durrutiren adimenak zailtasun guztiak menderatu zituen. Adi-adi aditzen zituen gaixoen istorioak eta txiroen arteko gaitzen kausa babesten hasi zen. Lan gehiegi, janari eza, aire eza, poztasun eza bizitzan.
“Ez al dakizu, kamarada, zu eta ni egiten ari garen borroka gure Iraultza babesteko da, eta Iraultza txiroen huskeria eta sufrimendua desagerrarazteko da. Arerio faxistak menderatu behar ditugu. Gerra irabazi behar dugu. Eta zu honetan ezinbestekoa zara. Ez al dakizu, kamarada?” Durrutiren burkideek bazekiten, normalean, jarraitzen zuten.
Batzuetan, norbait temati adieraz zitekeen, frontea uzteko asmoarekin. “Ados,” esaten dio Durrutik, “baina, oinez joango zara eta herrira iristen zarenerako, guztiok jakingo dugu zure kemenak huts egin dizula, alde egin duzula, zeure buruari inposatutako zeregina baztertu duzula.” Hitz horiek magikoak ziren gero. Gizonak geratzeko errukitzen du. Beldurtze militarrik ez, derrigortzerik ez, diziplina-zigorrik ez Durrutiren zutabea frontean mantentzeko. Soilik gizonaren sugarrak biltzen gaitu guztioi eta bata bestearekin bat eginarazi.
Gizon handia Durruti anarkista, jaiotzaz lider eta gizonen irakasle, pentsakorra eta burkide sentibera, denak batean. Orain, Durruti hil da. Bere bihotz onak ez du gehiago taupadarik egingo. Bere gorputz indartsua zuhaitz erraldoi baten modura erori zen. Eta oraino, eta oraino, Durruti ez da hil. 1936ko azaroaren 22ko igandean, Durrutiri azken omenaldia egiteko bildu ziren ehunka mila pertsonek hala aitortu dute.
Ez, Durruti ez dago hilda. Ezagutu eta maite genion guztioi argitu zigun sua ezin da amatatu. Jendetzak jada altxatu du Durrutiren eskuetatik eroritako tortxa. Garaile daramate haiengana, Durrutik urteetan zehar armarritutako bidetik. Durrutiren ideiaren gailurrera zuzentzen duen bidea. Ideia hau anarkismoa zen, Durrutiren bizitzako grina handia. Horretaz guztiz baliatu zen. Ideiarekiko leial mantendu zen bere azken hasperenera arte.
Durrutiren sentiberatasuna frogatu beharrik bada, berak nire segurtasunarengan zuen kezkak halaxe egin zuen. Ez zegoen niretzako lekurik gaua Estatu Nagusiko egoitzetan igarotzeko. Gertuen zegoen herria Pina zen. Baina faxistek etengabe bonbardeatu zuten. Durrutiri ez zitzaion gustatu ni hara bidaltzea. Ondo neritzola errepikatu nion. Behin soilik hiltzen gara. Bere burkide zaharrak beldur kutsurik ez zuelaren harrotasuna nabari nion aurpegian. Joaten utzi zidan, guardia indartsu batekin batera.
Esker onekoa ni, aukera bitxia eskaini zidan Durrutiren arma-lagun ugari ezagutzeko, baita herriko jendearekin hitz egiteko ere. Asko saiatutako faxismoaren biktima haien adorea izugarria zen.
Arerioa Pinatik hurbil zebilen errekaren beste aldean. Beldur edo ahuleziarik ez jendearengan. Modu heroikoan egin zuten borroka. “Hobe hilik, faxistak agindu baino,” esan zidaten, “Durrutirekin gaude eta berarekin eroriko gara borroka antifaxistan azken gizonera arte.”
Pinan, zortzi urteko haur bat ezagutu nuen, familia faxista batek lan egitera behartutako umezurtz bat. Bere esku txikiak gorrituak eta harrotuak zituen. Begiak, izu-ikaraz beterik, Francoren soldatapekoen eskutik jasandako ikaragarrizko astinketen ondorioz. Pinako jendea zorigaitzez txiroa da. Halere, denek eskaini zioten gaizkitutako umeari lehendik ezagun ez zuen maitasun eta zaintza.
Prentsa europarrak, borroka antifaxistaren hasiera-hasieratik lehiatu zen besteekin Espainako askatasunaren defendatzaileen kalumnia eta iraintzeetan. Azken lau hilabeteetan ez zen egun bakar bat ere izan Europako faxismoaren satrapa horiek indar iraultzaileek egindako ankerkerien txosten sentsazionalenak idazten ez zituztenik. Egunero, kazetaritza horiaren irakurleak Bartzelonako eta beste hiri eta herrietako istilu eta desordenaz elikatuak izan ziren, faxismoaren inbasiotik libre zeuden horiexek.
Katalunia, Aragoi eta Sortalde osoan zehar bidaiatu eta tarteko hiri eta herri guztiak bisitatu ondoren, prentsa britainiar eta kontinentalean irakurritakoan egia den hitzik ere ez dudala aurkitu aitor dezaket.
Sortutako eta eskrupulurik gabe idatzitako berri baten adibide bat borroka antifaxistako anarkista eta lider heroikoaren heriotzaren ingurukoa zen, Buenaventura Durrutiren ingurukoa, alegia.
Zentzugabekeria horren arabera, Durrutiren heriotzak tirabirak eta danbatekoak suposatuko ditu Bartzelonan, hil den Durruti heroiaren burkideen artean.
Asmakizun irrigarri hori idatzi zuena edonor dela ere, ez zen Bartzelonan egon. Eta are gutxiago CNT eta FAI-ko kideen bihotzetan Buenaventura Durrutik zuen lekua jakitea. Hain zuzen ere, guztion bihotz eta miresmenean, Durrutiren ideia politiko eta sozialekin desados egon arren.
Egia esateko, ez zen inoiz batasun osoagorik Kataluniako fronte herrikoiean, Durrutiren heriotzaren inguruko berriak plazaratu eta hobiratu zutenera arte.
Espainiako faxismoaren aurkako joera zuten alderdi politiko oro jendetza artean aldarrikatu ziren Buenaventura Durrutiri omen samurra egitera. Baina, soilik Durrutiren burkide zuzenak, ehunka mila, eta borroka antifaxistaren aliatu guztiak, Bartzelonako biztanleriaren zati handienak adierazi zuen atergabeko onginahia. Guztiak etorri ziren hileta-prozesio luze eta nekagarrira. Bartzelonak ez zuen inoiz lekuko izan halako gizaki-uholderik, non dolu isilkorra altxatu eta bateratsu erori zen.
Durrutiren burkideei dagokienez, bere idealengatik elkartutakoak eta berak sortutako zutabe erraldoieko burkideak zeuden. Beren mirespenak, beren maitasunak, beren atxikimenduak eta errespetuak ez zien txokorik utzi desadostasun eta liskarrari. Doluan bat balira bezala ziren, faxisten aurkako borroka eta Durrutik bere azken unera arte bizi, borrokatu eta parte hartu zuen Iraultzan jarraitzeko erabakiak bateratuak zituztelarik.
Ez, Durruti ez da hil! Bizirik baino biziago dago. Kataluniako langile eta nekazari guztiek bere adibide loriatsua berdindu nahi izango dute, zapaldutako eta behartsu orok. Durrutiren adore eta sendotasunaren oroimenak adoretuko die itzelak egiteko, faxismoa eraildua izan arte. Orduan, benetako lana hasiko da, giza-balioaren, zuzentasunaren eta askatasunaren egitura sozial berriaren lana.
Ez, eta ez! Durruti ez da hil! Gugan bizi da sekula eta beti.
Oharra: 1936an plazaratua. Hoover Institution on War Revolution and Peace erakundetik ekarria, Stanford, Kalifornia. 2024ko apirilaren 23an berrikusia. Liburutegi anarkistan irakurgai.